2010/12/21

Hedabide MM&D eta euskararen kontrako aurreiritziak

Eusko Jaurlaritzaren IV. Inkesta Soziolinguistikoa (2006) aztertuta, deigarriak iruditu zaizkit euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarreren inguruko datuak. Horiei erreparatuta, esan genezake euskarazko hedabide multimedia eta digitalek zailtasunak izan ditzaketela biztanleriaren sektore batzuengana heltzeko.

Txostenak aurkezten dituen zifren artean kezkagarriak dira, esaterako, euskara sustatzearen aurka daudenen portzentajeak: %34,2 Nafarroan, %17,6 Iparraldean eta %11,2 Euskadin. Nabarmendu beharreko beste datu bat ondokoa litzateke: gizartean bi hizkuntza egotea arazo iturri izan daitekeela uste du Nafarroako biztanleen %24k, Euskadiko %19k eta Iparraldeko %12k.

Agerikoa da Nafarroako datuak ardura eragiteko modukoak direla, 1991. urtetik egon den bilakaera positiboa izan arren. Baina merezi du Euskadikoak ere arretaz aztertzea. Konparaketa eginda konformatzeko eta lasaikerian erortzeko arriskua dago, baina asko dago egiteke geure erkidegoan ere: euskararen aurrean mesfidati agertzen direnak gutxiengoa izanik ere, hizkuntzaren inguruan arazoren bat dagoen seinale dira.

Egun oraindik badago euskara mehatxu bezala ikusten jarraitzen duen jendea. Tamalez, ez dugu lortu adostasun sendorik arlo honetan: aurreiritzien, tirabira politikoaren eta bestelako liskarren erdigunean jarraitzen du euskarak. Hori dela eta, Interneten eta ikus-entzunezkoen munduek berez dakartzaten zailtasun eta erronkez gain, euskarazko hedabide multimedia eta digitalek beste oztopo mingarri asko aurkitu ditzakete.

Euskarazko hedabide multimedia eta digitaletan erabiltzaileek erdarazko komunikabideetan aurkitu ditzaketen edukiak aurkitu beharko lituzkete. Ez dio axola kopuru murritzagoan baldin bada. Hori izango litzateke lehen pausoa. Bigarrena, eskaintza horretatik haratago joan eta erdal hedabideen alternatiba edo osagarri izaten saiatzea. Irudimenaren aldetik euskarazko multimedia-edukiak erdarazkoak bezain berritzaile eta askotarikoak izango balira, euskarak asko izango luke jadanik irabazia: irudi modernoa eta irekia erakusteak asko erraztu dezake aurreiritzidun sektoreenganako hurbilketa.

Azkenik, gazteak dira gakoa. Haiek dira hizpide ditugun hedabideen erabiltzaile nagusiak eta haien esku dago euskara etorkizunean indartsu egotea. Ikus-entzunezkoen alfabetizazio aberatsagoa dutela aprobetxatuz, haiek erakartzeko ahalegin berezia egin beharko litzateke. Eta ahalegin horrek eskatzen du beren gustuak ezagutu behar izatea eta edukiak haiengan pentsatuta sortzea.

 Euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarrerak
Iturria: IV. Inkesta Soziolinguistikoa. Eusko Jaurlaritza, 2006.

2010/12/20

Denboraleak ehundaka hegaldi eta milaka bidaiariri eragin die

Heathrow-eko aireportua (Londres)

Ehundaka hegaldi bertan behera geratu dira eta milaka bidaiari aireportuetan harrapatuta daude denboralearen ondorioz. Elurrak eta izotzak Europa osoan izan dute eragina.

Britainia Handian, Heathrow itxita dago. Europako aireportu nagusia da eta egun normal batean 40 segunduan behin hegaldi bat heldu edo atera ohi da bertatik. Hirietan eta errepideetan egoera antzerakoa da: etxetik ez ateratzeko gomendatu diete britainiarrei eta ehundaka pertsona harrapatuta daude errepideetan, istripuak direla eta.

Alemanian, Frankfurt-eko aireportuan atzeratuta edo bertan behera geratu dira hegaldi gehienak. Italian, Pisako aireportua itxita dago. Frantzia, Holanda, Belgika eta Espainian ere arazoak daude. Barajasen 102 hegaldi bertan behera geratu dira eta Loiun zazpi hegaldi ezin izan dira aireratu.


EiTBren albistea

2010/12/15

Zinema euskaraz, Interneten eta doan

 "Zorion perfektua" eta "Aupa Etxebeste!"

Eusko Jaurlaritzak Gabonetarako ekimen interesgarri bat dakarkigu: abenduaren 22tik aurrera euskarazko 30 film ikusteko aukera izango dugu doan, geure ordenagailuetatik eta deskargatu beharrik gabe.

"Zinema euskaraz" du izena proposamenak eta badirudi dena "lotuta" dutela jada (egile-eskubideen inguruko gorabeherak etab.), prentsaurrekoa eman baitzuten atzo Bilbon. Film bakoitza 2.000 ordenagailutatik ikusi ahal izango da EiTB.com eta KulturKlik.net webguneen bitartez. Horretarako gonbidapen bat beharko du erabiltzaile bakoitzak eta epe jakin baten barne ikusi beharko du filma, streaming teknologia bidezkoak izango direlako erreprodukzioak.

Filmen zerrendan ondoko hauek daude: "Zorion perfektua", "80 egunean", "Kronokrimenak", "Aupa Etxebeste!"... Umeentzako filmak ere ikusgai egongo dira: "Betizu eta urrezko zintzarria", "Olentzero eta oparien ordua" edota "Karramarro uhartea".

Bestalde, diru-zorroa lodi dutenentzat, zinema aretoetan bi pelikula estreinatuko dira euskaraz ("A casa por Navidad" eta "La sustituta") eta DVD formatuan ere beste bi film merkaturatuko dira ("Horton" eta "Ice Age 3").

Ekimenaren hurrengo faseetan, 2011n, zinema-aretoetara beste 18 film helduko dira euskaraz eta DVD formatuan 25.

Horrela kontatu zuten ETB1ean