2010/12/21

Hedabide MM&D eta euskararen kontrako aurreiritziak

Eusko Jaurlaritzaren IV. Inkesta Soziolinguistikoa (2006) aztertuta, deigarriak iruditu zaizkit euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarreren inguruko datuak. Horiei erreparatuta, esan genezake euskarazko hedabide multimedia eta digitalek zailtasunak izan ditzaketela biztanleriaren sektore batzuengana heltzeko.

Txostenak aurkezten dituen zifren artean kezkagarriak dira, esaterako, euskara sustatzearen aurka daudenen portzentajeak: %34,2 Nafarroan, %17,6 Iparraldean eta %11,2 Euskadin. Nabarmendu beharreko beste datu bat ondokoa litzateke: gizartean bi hizkuntza egotea arazo iturri izan daitekeela uste du Nafarroako biztanleen %24k, Euskadiko %19k eta Iparraldeko %12k.

Agerikoa da Nafarroako datuak ardura eragiteko modukoak direla, 1991. urtetik egon den bilakaera positiboa izan arren. Baina merezi du Euskadikoak ere arretaz aztertzea. Konparaketa eginda konformatzeko eta lasaikerian erortzeko arriskua dago, baina asko dago egiteke geure erkidegoan ere: euskararen aurrean mesfidati agertzen direnak gutxiengoa izanik ere, hizkuntzaren inguruan arazoren bat dagoen seinale dira.

Egun oraindik badago euskara mehatxu bezala ikusten jarraitzen duen jendea. Tamalez, ez dugu lortu adostasun sendorik arlo honetan: aurreiritzien, tirabira politikoaren eta bestelako liskarren erdigunean jarraitzen du euskarak. Hori dela eta, Interneten eta ikus-entzunezkoen munduek berez dakartzaten zailtasun eta erronkez gain, euskarazko hedabide multimedia eta digitalek beste oztopo mingarri asko aurkitu ditzakete.

Euskarazko hedabide multimedia eta digitaletan erabiltzaileek erdarazko komunikabideetan aurkitu ditzaketen edukiak aurkitu beharko lituzkete. Ez dio axola kopuru murritzagoan baldin bada. Hori izango litzateke lehen pausoa. Bigarrena, eskaintza horretatik haratago joan eta erdal hedabideen alternatiba edo osagarri izaten saiatzea. Irudimenaren aldetik euskarazko multimedia-edukiak erdarazkoak bezain berritzaile eta askotarikoak izango balira, euskarak asko izango luke jadanik irabazia: irudi modernoa eta irekia erakusteak asko erraztu dezake aurreiritzidun sektoreenganako hurbilketa.

Azkenik, gazteak dira gakoa. Haiek dira hizpide ditugun hedabideen erabiltzaile nagusiak eta haien esku dago euskara etorkizunean indartsu egotea. Ikus-entzunezkoen alfabetizazio aberatsagoa dutela aprobetxatuz, haiek erakartzeko ahalegin berezia egin beharko litzateke. Eta ahalegin horrek eskatzen du beren gustuak ezagutu behar izatea eta edukiak haiengan pentsatuta sortzea.

 Euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarrerak
Iturria: IV. Inkesta Soziolinguistikoa. Eusko Jaurlaritza, 2006.

2010/12/20

Denboraleak ehundaka hegaldi eta milaka bidaiariri eragin die

Heathrow-eko aireportua (Londres)

Ehundaka hegaldi bertan behera geratu dira eta milaka bidaiari aireportuetan harrapatuta daude denboralearen ondorioz. Elurrak eta izotzak Europa osoan izan dute eragina.

Britainia Handian, Heathrow itxita dago. Europako aireportu nagusia da eta egun normal batean 40 segunduan behin hegaldi bat heldu edo atera ohi da bertatik. Hirietan eta errepideetan egoera antzerakoa da: etxetik ez ateratzeko gomendatu diete britainiarrei eta ehundaka pertsona harrapatuta daude errepideetan, istripuak direla eta.

Alemanian, Frankfurt-eko aireportuan atzeratuta edo bertan behera geratu dira hegaldi gehienak. Italian, Pisako aireportua itxita dago. Frantzia, Holanda, Belgika eta Espainian ere arazoak daude. Barajasen 102 hegaldi bertan behera geratu dira eta Loiun zazpi hegaldi ezin izan dira aireratu.


EiTBren albistea

2010/12/15

Zinema euskaraz, Interneten eta doan

 "Zorion perfektua" eta "Aupa Etxebeste!"

Eusko Jaurlaritzak Gabonetarako ekimen interesgarri bat dakarkigu: abenduaren 22tik aurrera euskarazko 30 film ikusteko aukera izango dugu doan, geure ordenagailuetatik eta deskargatu beharrik gabe.

"Zinema euskaraz" du izena proposamenak eta badirudi dena "lotuta" dutela jada (egile-eskubideen inguruko gorabeherak etab.), prentsaurrekoa eman baitzuten atzo Bilbon. Film bakoitza 2.000 ordenagailutatik ikusi ahal izango da EiTB.com eta KulturKlik.net webguneen bitartez. Horretarako gonbidapen bat beharko du erabiltzaile bakoitzak eta epe jakin baten barne ikusi beharko du filma, streaming teknologia bidezkoak izango direlako erreprodukzioak.

Filmen zerrendan ondoko hauek daude: "Zorion perfektua", "80 egunean", "Kronokrimenak", "Aupa Etxebeste!"... Umeentzako filmak ere ikusgai egongo dira: "Betizu eta urrezko zintzarria", "Olentzero eta oparien ordua" edota "Karramarro uhartea".

Bestalde, diru-zorroa lodi dutenentzat, zinema aretoetan bi pelikula estreinatuko dira euskaraz ("A casa por Navidad" eta "La sustituta") eta DVD formatuan ere beste bi film merkaturatuko dira ("Horton" eta "Ice Age 3").

Ekimenaren hurrengo faseetan, 2011n, zinema-aretoetara beste 18 film helduko dira euskaraz eta DVD formatuan 25.

Horrela kontatu zuten ETB1ean

2010/11/04

Soinuen bidezko irrati produktua - Gazteak eta drogak

Atzoko eta gaurko klaseak soinuen bidezko erreportaje bat muntatzeko erabili ditugu. Ideia sormen irratian egiten direnen moduko produktu bat egitea zen. Aukeratu dugun gaia "Gazteak eta drogak" izan da eta Audacity programaren bidez egin dugu muntaia.

2010/11/03

Western bat Kuartangon


Kuartangon (Araba) western bat filmatzen ibili dira azken bost urteetan. “Algo más que morir” da bere izenburua. Pistoladunak, mozkor liskarzaleak, kazikeak… ez da generoaren osagai klasikorik falta pelikulak kontatzen duen istorioan. 

Villamanca herriko Jose Luis Murga izan da zuzendarietako bat eta gidoiaren egilea. Hamarkadak zeramatzan bakero pelikula bat egiteko nahian eta, azkenik, bere haurtzaroko ametsa egi bihurtua ikusi du. Oier Martinez de Santos izan da beste zuzendaria. Ikus-entzunezkoen munduan eskarmentuko profesionala da: Bilboko IMVAL zentroan ikasi zuen, Canal Gasteiz-en lan egin du eta hainbat laburmetraien egilea da.

Ez nuen pelikula honen berririk larunbatean filmazioa bukatu dutela entzun nuen arte. Broma zela pentsatu nuen eta aitortu behar dut barregura eragin zidala. Ez nekien zer pentsatu burutazio honen arduradunei buruz: zinema-zale amorratuak izango dira? Ausartak? Lotsagabeak? Suizidak?

Baina bestela ikusten ditut gauzak orain. Interneten informazio gehiagoren bila, Jose Luis Murga eta Oier Martinez de Santosi Añanako Kuadrillaren informazio buletinean egin zieten elkarrizketa bat aurkitu dut. Bertan esaten zuten Kuartangoko Haraneko dozenaka pertsonek lagundu dutela filma aurrera eramaten azken urte hauetan zehar. Deskribatzen zuten lankidetzak harrituta utzi nau: inguruetako jende askok aktore lanak egin ditu, batzuek dekoratuak egiteko egurra lortu dute, beste batzuk mozorroak edo attrezzo-rako eskulanak egiten ibili dira, baserri bateko jabeek han filmatzeko baimena eman zieten, beste norbaitek zaldiak utzi zizkien eta eszena baterako artzain-txakur bat eraman zieten.

Elkarrizketan zuzendariek esaten zuten filma Gasteizko aretoren batean estreinatzea gustatuko litzaiekeela. Egoera imajinatzea ezin ukatu komikoa izan daitekeela: Guridi zinemetako kartelen artean Scorsese-ren azken filma, 3D teknikarekin egindako azken superprodukzioa eta alboan, harro-harro, “Algo más que morir”. Zentzugabea ere irudituko zaio askori, baina taldean lan egiteko erakutsi duten gaitasunarekin eta izan dituzten gogo eta ilusioarekin, merezita helduko lirateke Gasteizko pantaila handietara.

ETBn filmari buruz eman zuten erreportajea

2010/11/01

Deskatalogazioa edo euskal filmek jasaten duten bigarren zigorra

"Arrebato", "Acción mutante" eta "Días contados" filmen karatulak

El pelotazo vasco” artikuluaren harira, aurrekoan pelikula batzuk egun aurkitzeko moduan egongo ote ziren galdetzen nion neure buruari. Egiaztatu nahi izan dut eta, hain zuzen ere, Fotogramas aldizkariarentzat Frankismo osteko euskal film garrantzitsuenetako batzuk zirenak, produkzio-etxe eta enpresa banatzaileentzat ez omen dira ezta argitaragarriak ere.

DVD formatuan aurki daitezke Julio Medem zuzendariaren film gehienak, “Euskal pilota” kenduta, eta baita Juanma Bajo Ulloarenak ere, “Frágil” izan ezik. Beste zinegile batzuen lan ugari, ordea, dendetako apaletan egotera heldu ziren arren, jadanik desagertuta daude. Arraro egiten zait Imanol Uriberen “Segoviako ihesa” (1982) eta “Días contados” (1994) salgai ez egotea une honetan, baina are arraroagoa Alex de la Iglesiaren “Acción mutante” (1992), “Piztiaren eguna” (1995), “La comunidad” (2000) eta “800 balas” (2002) faltan egotea. Hala ere, berriz merkaturatuak izateko aukera handiak dituztela pentsatu nahi dut.

Beste film batzuek luzaroan komertzialki ahaztuak egoteko arrisku handiagoa dute: Ivan Zuluetaren “Arrebato” (1980) eta Eloy de la Iglesiaren “Los placeres ocultos” (1976) eta “El sacerdote” (1978), adibidez, oraintxe salgai ez dauden beste izenburu batzuk dira. DVD formatua inoiz ezagutu ez dutenen artean daude, berriz, Jose Antonio Zorrillaren “El arreglo” (1983), Javier Rebolloren “Bizkaiko Golkoa” (1985) eta Daniel Calparsororen “Pasajes” (1996). Ana Diez nafarraren “Ander eta Yul” (1989) filmak ez zuen ezta VHS formatua ezagutu ere egin, Kultur Ministerioaren datuen arabera.

Zinema-aretoetatik arrapaladan eta inor ohartu gabe pasatzea gogorra bada, euskal film askok, baita garrantzitsuenetariko batzuk ere, horrez gain bigarren zigor bat jasan behar izaten dute: deskatalogazioa.

2010/10/31

Euskal animazioa: 25 urte formatu luzean

"Ipar haizearen erronka" eta "Ipar haizearen itzulera" 
filmetako pertsonaia nagusiak

Euskal zineman azken 25 urteetan genero arrakastatsurik egon bada animazioarena izan da. Gurean egindako, bertako enpresek produzitutako edo euskal zinegileek aurrera eramandako marrazki bizidunezko filmei erreparatuz gero, produkzio horien ugaritasuna eta, hainbat kasutan, kalitate handia ere aitortu behar dira.

Kalabaza Tripontzia” (1985) izan zen animaziozko lehen euskal luzemetraia, Juanba Berasategik zuzendua eta Koldo Izagirreren gidoiarekin. Ohorezko Aipamena lortu zuen Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren Zabaltegi sailean eta ordutik, filmen zerrenda luzatuz joan da ia urtero. 80ko hamarkadan bertan Luis Goyaren “Astakiloen abenturak eta kalenturak” (1987) estreinatu zen.

90ko hamarkadan etorriko ziren “Ipar haizearen erronka” (Juanba Berasategi, 1991) eta bere jarraipena, “Ipar haizearen itzulera” (Maite Ruiz de Austri eta Carlos Varela, 1993), Goya saria irabazi zuen lehenbiziko euskal animazio filma. Ikusleen artean oso harrera ona izan zuten bi atalek. Hamarkadaren azken urteetan beste hainbat izenburu heldu ziren zinema-aretoetara:  “Megasonikoak” (Javier Gonzalez de la Fuente eta Jose Martinez Montero, 1997), “Ahmed, Alhambrako printzea” (Juanba Berasategi, 1998) eta Goya saria irabazi zuten “Qué vecinos tan animales” (Maite Ruiz de Austri, 1998) eta “Goomer” (Jose Luis Feito eta Carlos Varela, 1999).

2000. urtetik aurrera generoak erritmoari eutsi zion. Ondokoak izan ziren hamarkadako izenburuetako batzuk: “Marco Antonio, Hong Kong-eko bahiketa” (Carlos Varela eta Manuel J. Garcia, 2000), “Karramarro uhartea” (Txabi Basterretxea eta Joxean Muñoz, 2000) Goya sariduna, “La leyenda del unicornio” (Maite Ruiz de Austri, 2001), “El ladrón de sueños” (Angel Alonso, 2001), “Olentzero, Gabonetako ipuina” (Juanjo Elordi, 2002), “El rey de la granja” (Gregorio Muro eta Carlos Zabala, 2002), “Betizu izar artean” (Egoitz Rodriguez, 2003) “Alhambrako giltza” (Juanba Berasategi, 2003), “Supertramps” (Iñigo Berasategi eta Jose Maria Goenaga, 2004), “Los balunis en la aventura del fin del mundo” (Juanjo Elordi, 2004), “Glup, una aventura sin desperdicio” (Aitor Arregi eta Iñigo Berasategi, 2004), “Olentzero eta enbor magikoa” (Juanjo Elordi, 2005), “Pailazokeriak, Txirri, Mirri eta Txiribitonen Pelikula” (Imanol Zinkunegi, 2005), “Cristobal Molon” (Aitor Arregi eta Iñigo Berasategui, 2006), “Betizu eta Xangaduko misterioa” (Egoitz Rodriguez 2006), “Betizu eta urrezko zintzarria” (Egoitz Rodriguez, 2007), “Animal Channel” (Maite Ruiz de Austri, 2008) eta “Olentzero eta oparien ordua” (Gorka Sesma, 2008). Ekoizpen fasean edo estreinatzear dauden beste batzuk “Black to the Moon” koprodukzioa, "El tesoro del rey Midas", “Olentzero eta iratxoa”, “Omega T” eta “Mystical” dira.

Euskal ikus-entzunezkoen munduan pisu handia izatera heldu da animazioa. Zuzendari, gidoigile eta marrazkilariek frogatu dute posible dela, aurrekontu murritzak izan arren, aitzat hartzeko moduko filmak egitea, baldin eta proiektuak ondo zaintzen badira.

Euskal zineman Oscar saririk ez

Erraza da Estatu Batuetako zinema-munduan ematen diren sariak zeintzuk diren jakitea. Meryl Streep aktoreak irabazitako zerrendara jo eta hor egongo dira ziurrenik existitzen diren gehienak. Eta erraza da sari horien guztien artean garrantzitsuena zein den jakitea: Oscar saria. Eta kito. Baina ez da horren erraza gauza bera hemen egitea: batetik, gurean ez da ematen sari askorik; bestetik, ez dago zinema-girotik kanpo benetan ezaguna den eta esanguratsuena kontsidera genezakeen bat.

Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, bere izenak berak esaten duen bezala eta denok dakigun legez, nazioarte mailako ospakizuna da. Hala ere, badu euskal aktore eta zinegileei begirako sari bat: Zinemira, Euskal Zinearen Egunean ematen dutena. Aurten Alex Angulo erandiotarrak irabazi du.

KREA proiektuaren Zinemastea v.2 ekimenak luzemetrai, laburmetrai eta zinema-munduko pertsonaiak saritzen ditu urtero. Bestalde, Euskal Aktoreen Batasunak Besarkada saria eman ohi dio aktore edo antzezpenarekin loturiko erakunderen bati. Eta El Mundo del País Vasco egunkariak ere beste sari batzuk sortu zituen 1992. urtean.

Euskal zinemak baditu bere sariak, baina pluralean. Eta hortxe dago arazoa. Ez dago fama hartu duen ekimen jakinik, ezagun egin den trofeorik edo benetako tradizioa izatera heldu den ospakizunik.

2010/10/30

Etorkizun handiko gutarrak

Borja Cobeaga, Unax Ugalde eta Alexandra Jimenez

Alberto Iglesias eta Javier Aguirresarobek Hollywood ezagutu badute, etorkizunean euskal zineman hasitako beste hainbatek ere, zorterik badute, berdin egin dezakete. Hainbat hautagai ditugu eta horietariko batzuk, gainera, “zinemaren gune” deiturikoan egonak dira jada.

Leioako campusean Ikus-entzunezkoak ikasitako Nacho Vigalondok alfonbra gorria zapaldu zuen 2005ean: berak zuzenduriko “7:35 de la mañana” (2003) laburmetraia Oscar sarietarako izendatua egon zen. Beren lehenbiziko film luzeak, “Los cronocrímenes” (2007), arreta deitu zuen Estatu Batuetan eta remake bat egingo omen dute, “Timecrimes” izenburupean.

Borja Cobeaga donostiarrak bere lagun Vigalondoren pausoak jarraitu zituen eta Oscar sarietarako izendatu zuten “Éramos pocos” (2005) laburmetraiarengatik. Koldo Serra bilbotarrak, bestalde, atzerrira begira hasi zuen bere zinema-ibilbidea: bere estreinako filmak, “Bosque de sombras” (2006), aktore atzerritarrak izan zituen protagonista (Gary Oldman, Paddy Considine, Virginie Ledoyen…).

Aurrekoen aldean, oraingoz, nazioarte mailan horrenbeste zorterik izan ez duten arren, etorkizun handiko aktoreak ere baditugu. Unax Ugalde gasteiztarrak, adibidez, atzerrian estreinatu diren hainbat koprodukziotan egin du lan: “Goya’s Ghosts” (2006), “Savage Grace” (2007), “Love in the Time of Cholera” (2007), “Che, el argentino” (2008)… Andoni Gracia (“What Sebastian Dreamt”, “Quale amore”, “The Deal”…) eta Asier Etxeandia (“King Conqueror”) bilbotarrek ere esperientzia hori izan dute. Marta Etura donostiarrak, bere aldetik, rol bat du Juan Antonio Bayonak Naomi Watts eta Ewan McGregor aktoreekin filmatzen ari den pelikulan, IMDb web orriaren arabera.

Hurbiletik jarraituko ditugu beren ibilbideak.

Euskal zinematik Hollywoodera

Zinemari dagokionez, leku bateko pertsonaiarik internazionalena zein den erabaki nahi dugunean segituan etortzen zaizkigu burura aktoreak. Normala da, kamera aurrean egiten dute lan eta ezagunago egiten zaizkigu, zinema-munduko beste hainbat profesional ez bezala. Euskal zinematik nazioartera salto egin dutenen artean, ordea, musikagile bat eta argazki zuzendari bat dira, nik uste, egun arrakasta gehien duten “geure” profesionalak:

Alberto Iglesias: konpositore donostiarra bi aldiz egon da Oscar sarietarako izendatua, “The Constant Gardener” (Fernando Meirelles, 2005) eta “The Kite Runner” (Marc Forster, 2007) filmengatik. 80ko hamarkadan egin zituen bere lehen soinu bandak, Alfonso Ungriaren “Albaniaren konkista” (1983) eta Imanol Uriberen “Mikelen heriotza” (1983) filmentzako. Julio Medem (“Vacas”, “La ardilla roja”, “Los amantes del Círculo Polar”…) eta Pedro Almodovar (“Todo sobre mi madre”, “Hable con ella”, “Volver”…) zuzendarien pelikula askotan egin du lan. Zortzi aldiz irabazi du Goya saria.

Javier Aguirresarobe: argazki zuzendari eibartarrak sei aldiz irabazi du Goya saria eta aurten BAFTA britainiarretarako hautatua egon da. Zineman egin zuen lehenbiziko lana kamera-laguntzailearena izan zen Jose Luis Borauren “Hay que matar a B” (1975) filman. Laburmetraiak egiteari ekin zion ondoren eta 70eko hamarkadako azken urteetatik aurrera argazki zuzendaritzan murgildu zen. Ondoko filmetan egin du lan, beste askoren artean: Imanol Uriberen “Segoviako ihesa” (1981), Jose Luis Cuerdaren “El bosque animado” (1987), Montxo Armendarizen “Bihotzeko sekretuak” (1997) eta Alejandro Amenabarren “Los otros” (2001). Baina Woody Allen eta Chris Weitz zuzendari estatubatuarrekin, David Slade britainiarrarekin eta John Hillcoat australiarrarekin ere lan egin du.

Oso urruti jarri dute muga Iglesiasek eta Aguirresarobek, baina heldu diren lekura heltzea posible dela erakutsi dute bide batez.

 Alberto Iglesias eta Javier Aguirresarobe

2010/10/29

Artxiboan barrena: Juanma Bajo Ulloa eta Glenn Close

El Correo (1991-IX-29)

Atzo etxeko aldizkari eta egunkari zaharren artean begiratzea bururatu zitzaidan. Horrela aurkitu nuen, hautsez estalita, goiko egunkari-ebakin hori: Juanma Bajo Ulloak Donostiako Nazioarteko Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zueneko albistea da.

El Correo egunkarian agertu zen 1991ko irailaren 29an. Atzealdean apuntatuta zegoen data. Lehen orrialdeko informazioa zen, seguruenik eguneko albisterik garrantzitsuena edo bigarren garrantzitsuena Arabako edizioan. Pena da egunkari osoa ez edukitzea, interesgarria izango litzateke barne orrialdeetako orduko artikulua irakurtzea.

Argazkian ikusi daitekeen bezala, Glenn Close aktore estatubatuarrak eman zion saria zuzendari gasteiztarrari. Epaimahai Ofizialaren burua izango zen 39. edizio hartan. 20 urte pasa diren arren aktoreak gaur egun duen itxura berdintsua zuen orduan. Ez ordea Bajo Ulloa gaixoak. Zinegileak oraindik 80ko hamarkadako look ezinezkoa zuen, betaurreko erraldoi eta ile kizkur luzearekin. Egun izan ohi duen bizar bereizgarri hori ere faltan botatzen diot. 

Testuak dioenez, arabarraren lehenbiziko filma “ondo hartua” izan zen bere proiekziotik bertatik. Kinieletan egongo zen, beraz, hasiera-hasieratik eta emozio handiko egunak izango ziren Bajo Ulloarentzat. Baita prentsaren bidez Zinemaldia jarraitu zuten eta egunkari-zatiak gorde zituzten arabarrentzat ere.

Ikusita, erdi ahaztuta eta ikusteke

2006an Fotogramas aldizkariak bere 60. urteurrena ospatzeko gehigarri berezi batzuk kaleratu zituen. Haietariko bat espainiar zineman zentratuta egon zen eta bere orrialdeetan leku egin zioten Frankismo osteko euskal zinegileei buruzko artikulu bati: “El pelotazo vasco”. Zuzendari horien pelikula asko eta asko ezezagunak egin zitzaizkidan.

Artikuluan aipatzen ziren filmen artean ikusita ditut, adibidez, Imanol Uriberen “Días contados” (1994); Alex de la Iglesiaren “El día de la bestia” (1995), “La comunidad” (2000), “Crimen ferpecto” (2004) eta “Los crímenes de Oxford” (2008); Juanma Bajo Ulloaren “Alas de mariposa” (1991) eta “La madre muerta” (1993); Enrique Urbizuren “La caja 507” (2002), eta Julio Medemen “La ardilla roja” (1993) eta “La pelota vasca” (2003).

Nahiko ahaztuak ditut, bestalde, Imanol Uriberen “Segoviako ihesa” edo “Mikelen heriotza” (1983), eta Medemen “Behiak” (1991), telebistan askotan eman dituzten arren. Ikusi ez ditudanen artean, artikuluan aipatzen ziren, esaterako, Ivan Zuluetaren “Arrebato” (1979), Eloy de la Iglesiaren “El sacerdote” eta “El diputado”, Jose Antonio Zorrillaren “El arreglo” (1983) edo Ana Diez nafarraren “Ander eta Yul” (1989).

Ikusteke ditut, bai. Beste kontu bat da aurkitzeko errazak izango ote diren.

 "Ander eta Yul" filmaren kartela.

2010/10/27

Euskarazko zinemaren berpizkundea

Gaurkoan beste zerrenda bat. Gasteizen egindako pelikulen ondoren, euskaraz filmatutakoak. Abiapuntua 2005. urtean estreinatu zen “Aupa Etxebeste!” filma izango da, aurretik egin zirenenei buruz askorik ez baitakit. 

Goya sarietarako izendapen bat lortu zuen “Aupa Etxebeste!”-k eta ordutik ia urtero euskarazko pelikularen bat egin dute: 2006an “Kutsidazu bidea, Ixabel”, Fernando Bernues eta Mireia Gabilondok zuzendua; 2007an “Eutsi!, Alberto Gorritibereak zuzendua; 2009an Aizpea Goenagaren “Sukalde kontuak”, Jabi Elortegiren “Zorion perfektua” eta Roberto Castonen “Ander”; aurten Jon Garañok eta Jose Maria Goenagak zuzenduriko “80 egunean” eta Mikel Ruedaren “Izarren argia” estreinatu dira.

Badago, aurrekoez gain, “missing” dagoen euskarazko beste film bat: “Zeru horiek”, Bernardo Atxagaren nobelan oinarritua eta Aizpea Goenagak zuzendua. 2006an Miarritzeko FIPA Ikus-entzunezko Saioen Nazioarteko Jaialdian estreinatu zen. Malagako Espainiar Zinema Jaialdian ere eman zuten eta TV3 telebista-katean ondoren. Leioako campusean ere ipini zutela uste dut, kartelak ikusi nituen hura iragartzen fakultatean Kazetaritza ikasten nengoenean. Ez nintzen ikustera joan, baina liburua irakurri nuen gero eta jakingura dut nola eraman zuten istorioa iruditara. 

2005etik atzeraka begiratzea nahiko zaila da euskarazko zinemari dagokionez. “Aupa Etxebeste!” estreinatu zenean irakurri nuen euskaraz egiten zen lehenbiziko filma zela hamar urte baino gehiagotan. Aurrekoa agian “Ke arteko egunak” (Antxon Ezeiza, 1990) izan zen. Beste baterako utziko dut ikerketa. Aurrera begira, Alberto Gorritiberearen “Arriya” eta Imanol Rayoren “Bi anai” euskarazko filmak izango dira zinema-aretoetara helduko diren hurrengoak.

 "Bi anai" filmaren grabazioa. ITURRIA: www.amaializarralde.com

2010/10/26

Vitoria-Gasteiz zinema-plato bezala

"La madre muerta" filmeko eszena bat.  

Aurrekoan Vitoria-Gasteiz Film Office udal erakundeari buruz idazten nenbilela, filmaziorako kokalekuak zirela eta ez zirela, Gasteizen egin diren filmen zerrenda hasi nintzen osatzen buruan. Laburmetraiak baztertuta, hamar segundotan osatuta nuen: geurea ez da izan, orain arte behintzat, oso hiri zinematografikoa. 

Burura etorri zitzaizkidan lehenbizi Juanma Bajo Ulloaren filmak: “Alas de mariposa” (1991), “La madre muerta” (1993) eta “Frágil” (2004) pelikuletan hainbat eszena zeuden Gasteizen filmatuta. Gogoratzen dut Alas de mariposa”-n San Vicente aldapa, adibidez, hainbat aldiz ageri zela;La madre muerta”-n Florida parkea eta Senda Ibilbidea azaltzen ziren, eta  “Frágil”-en, besteak beste, tren geltokia ikus zitekeela uste dut. 

Nire ingurukoei galdetuta, “El sur” (Victor Erice, 1983) filmaren eszena batzuk Gasteizen filmatu zituztela esan didate. “La noche de…” programan esan zuten, bestalde, Fred Zinnemann Oscar saridunaren “Y llegó el día de la venganza” (“Behold a Pale Horse”, 1964) filmean Ama Birjina Zuriaren Plaza eta Matxete enparantza agertzen zirela. Isilpean grabatu omen zituzten irudiak, pelikulako pertsonaia nagusia maki bat zelako, eta filma 1979. urtera arte debekatua egon zen. 

IMDB web orrian dagoen informazioaren arabera, ondoko filmak ere Gasteizen grabaturiko eszenak omen dituzte: “Cuerda de presos” (Pedro Lazaga, 1956), “Locos por el sexo” (Javier Rebollo, 2006) eta “Trio de ases: el secreto de la Atlántida” (Joseba Vazquez, 2008). Ez zaizkit ezta izenez ere ezagunak egiten. 

Pelikula batzuk behintzat filmatu izan dira Gasteizen, baina gutxi, eta erdi ahaztuak daude gehienak. “Vicky Cristina Barcelona” bezalako zinema-postalik ez dute egin gurean eta hiriak berak pelikularen istorioan garrantzirik duenik ere ez. Argi dago ez dutela Gasteiz ezagutuko zineman izan duen presentziarengatik.

2010/10/24

Vitoria-Gasteiz Film Office

Pasa den astean Vitoria Film Office delakoaren egoitza ireki zuten Gasteizko Correria kalean. Udal erakunde horren helburuetako bat, bere web orrian esaten denez, Gasteizen egiten diren ikus-entzunezko lanen ekoizpena bultzatzea da. Horretarako, besteak beste, izapide eta formalitateekin lagundu, informazioa eman eta bitartekari eta aholkularitza-lanak egingo omen ditu.

Albiste ona da erakunde publiko horren jaiotza. Film, telefilm, telebista-spot edota laburmetraiak ekoizteak dakarren esfortzu handia kontuan hartuta, edozein laguntza eskertzekoa da zinegileentzat. Gainera, Bilbon (Bilbao Film Commission) eta Donostian (Donostia-San Sebastián Film Commission) ere horrelakoak dituzte… ez da norgehiagokan hasteagatik.

Filmaziorako kokalekuak aurkitzen laguntzeko, bulegoak hainbat leku proposatzen ditu bere web orrian, argazki eta guzti. Ea irudiok zinegileren bat inspiratzen duten: Arkupeetan, Santa Maria Katedralean, harresian eta, orokorrean, Almendra osoan garaiko filmen bat egin zezaketen; Vital Kutxaren eraikinean edo Salburuako dorreak fondo bezala erabilita pelikula futuristaren bat; Arriaga parkean, Ama Birjina Zuriaren Plazan eta Uribarri Ganboako urtegian… edozer gauza filma daiteke.

Zenbait aktore ere zerrendatzen ditu Vitoria-Gasteiz Film Office-ek bere web orrian. Ezagunak egiten zaizkit, adibidez, Iker Ortiz de Zarate, Carmen San Esteban, Gorka Aguinagalde eta Reyes Moleres. Azken hau ez da gasteiztarra baina agian gurean biziko dira edo Gasteizen lan egiteko prest egoteagatik ipiniko zuten zerrendan.

Badugu, beraz, Film Commission horietako bat Gasteizen. Orain ez dago aitzakiarik: fokuak ikusi nahi ditut kaleetan, ezagutzen ditudan bazterrak pantaila handian, ezagunen bat extra bezala… Argiak, kamera, akzio!

2010/10/22

Blogen egungo joerak zibermedioetan

El Correo egunkariak bere web orrian dituen ondoko blogak dira hausnarketa hauen oinarri: Estrategia y opinión (Peio Ruiz), Esto va de sexo (Lurdes Lavado eta Mertxe Gil sexologoak),  ¡Esto es Brooklyn! (Aitor Alonso), Evadidos (Carlos Benito), eta Gabinete secreto (Julio Arrieta).

Lehenbizi, agerikoa da El Correo-ren komunitatea osatzen duten blogen artean ezaugarri batzuk gailentzen direla planteamendu orokorrari dagokionez: gehienak blog indibidualak dira, txantiloi komun bat jarraituta sortu eta garatutakoak, testuari gehitzeko multimedia-elementuak jasotzeko prestatuak daudenak, komentarioak onartzen dituztenak eta erreminta jakin batzuk eskaintzen dituztenak. Badaude, halere, salbuespenak: Lurdes Lavadok eta Mertxe Ruizek blog kolektiboa dute El Correo-ren komunitatean (Esto va de sexo) eta Peio Ruizek ez du gainontzekoen txantiloia erabiltzen (Wordpress plataformaren ohiko blog baten itxura du).

Aipaturiko txantiloiaren nolakotasun nagusien artean azpimarragarriak dira ondokoak: post zaharrak automatikoki artxibatu egiten dira eta guztiak daude irakurgarri, eskuin zutabean hilabeteka antolatuta; barne bilatzaile bat dago blog gehienetan, artxiboko post-ak errazago aurkitzeko; harpidetzeko aukera ematen zaio irakurleari (Bloglines, Mi Yahoo, Google Reader, Newsgator, RSS eta Atom), eta edukiak partekatzeko aukera ere eskaintzen da (Menéame, Technorati, Del.icio.us eta Facebook plataformen bitartez). Ezaugarri horiek erabiltzaile gehiagorengana heltzea eta bereganatutako erabiltzaileak mantentzea helburu dutela ondoriozta genezake.

Komunitate honetako blogen txantiloia alde batera utzita, dena den, agerikoa da autorearen esku dagoela hein handi batean erabiltzaileengana behar bezala heldu eta blogen aukera guztiak aprobetxatzea. Horrela, egile batzuek El Correo-ren plataformak eskaintzen dituen erraztasun guztiak beren blogetan aplikatu dituzte eta, gainera, beste aukera batzuei ere onura atera diete: estekak, etiketak, argazkiak, bideoak etab. Beste autore batzuek, ordea, beren bloga testuen segida moduko bat bihurtu dute, eskura zituzten erremintei probetxurik atera gabe.

Arreta deitzen duen beste puntu bat komentarioena da. Erabiltzaileen iritzi, galdera, proposamen eta kexak autoreari helarazteko bide erraz eta zuzena izan daitezke (El Correo-ren kasuan ez dago aurretiazko moderaziorik), baina beste behin, autorearen araberakoa da feedback hori suspertu edo oztopatzea (blogetako batean ez dago komentarioak egiteko aukerarik). Azterturiko adibideetan ikusitakoari jarraiki, blogak maiztasunez eguneratu, post-ak zenbat eta gehiago landu eta edukien sorreran erabiltzaileak kontuan hartuz gero, orduan eta komentario gehiago jaso daitezke.

Laburbilduz, esatea dago El Correo-ren komunitateko blogek askotariko aukerak eskaintzen dituztela komunikazioa erraztu eta multimedia-eduki eta erreminten bidez hura aberasteko. Aukera-aniztasun horrek blogen “kontsumitzaileak” irakurle baino gehiago izatera daramatza: komentarioak egin, harpidetu, artxiboan bilatu edota edukiak partekatzeko aukera ematen zaien heinean, irakurle horiek erabiltzaile bihurtzen dira. Baina, hala ere, autoreen esku dago blogek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzea: euskarri tradizionaletan nagusi den filosofiatik haratago joan beharra dago blogak benetan osoak eta eraginkorrak izateko.

2010/10/17

Euskal filmak eta beren jaiotzetiko ikusezintasuna

Aste honetan Gasteizen film labur bat filmatzen bukatu dute. Prentsan hainbat artikulu eta elkarrizketa agertu dira filmazio horri lotuta eta aurretik ere informazio dezente argitaratu da proiektuaren ekoizpen prozesuaren inguruan. Prozesu horri buruz jakiteak pentsarazi dit, hain zuzen, euskal filmen promozioari buruz. Edo promozio ezari buruz, hobeto esanda.

“Barkatu” du izena laburmetraiak eta Nikolas Ocio da bere zuzendaria. Bost urte daramatza zinegileak proiektua aurrera atera nahian eta horretarako Euskadi osoan zehar liburuak pisura saltzen ibili da (bost eurotara liburu kiloa). Finantzaketa lortzeko modu xelebre horren berri eman digute, beste askoren artean, El Correo eta Diario de Noticias de Álava egunkariek, Euskadi Irratiak, Escritores Vascos blogak edota Irutxuloko Hitzak.

Ez dut uste “Barkatu” film laburrari buruz informazioa bilatzen egoteko beharrik egon denik. Gasteizen behintzat. Proiektu horri buruzko albisteek gu aurkitu gaituztela esango nuke, hau da, albisteak arazorik gabe heldu egin zaizkigula. Horrek, azkenean, filmarekiko nire interesa piztea lortu du eta ziur nago norbait gehiagori ere gertatuko zitzaiola. Beste euskal produkzio asko, ordea, inor ohartu gabe egin eta estreinatzen dira.

Zinema-proiektu bat bere sorreratik egon behar da ikusgai. Izan ere, zinegileek hasiera-hasieratik bereganatzen dituzte ikusleak: nik, adibidez, Guillermo del Torok "El orfanato" produzitu behar zuela jakin nuen momentu beretik izan nituen gogoak filma zineman ikusteko. Eta pelikularen ekoizpen prozesua pausoz pauso jarraitu nuen: casting erabakiei buruzko albisteak, filmazioa, Cannesen egin zuten lehen proiekzioa, filmak atzerrian jaso zituen kritikak... Estudio handiek esku artean dituzten asmoei buruz den-dena dakigun bezala, euskal filmekin ere berdin gertatu beharko litzateke, eskala txikiagoan bada ere. Proiektu baten nondik norakoei buruz informatzeak promozioari mesede egiten dio eta horrek ordainak izaten ditu gerora. Zinegile eta produktoreek gogoan hartu beharko lukete hori.

 Nikolas Ocio liburu artean | EFE agentzia

2010/10/14

Kometek kolore biziz bete dute Garaio


Asteburu honetan XIII. Nazioarteko Kometa Jaialdia ospatu da Garaioko parkean, Arrazua-Ubarrundiako udalean (Araba). Ostiralean Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta horia ezarri zuen espero ziren haize-boladengatik. Eguraldiaren alderdi horrek mesede egin dio jaialdiari, euriak ez bezala.

“Lau haizetara” elkarteak antolatutako proposamen honetan 200 parte-hartzaile inguru zeuden izen emanda, EFE agentziaren arabera. Haietariko asko hurbildu dira bi egunetan zehar Uribarri Ganboako urtegi ertzera, beste hainbat kometazalerekin batera. Leku askotatik iritsitakoak ziren parte-hartzaileak –Derio, Madril, Lourdes…– eta askotarikoak ziren ere hegan jartzen zituzten kometak: kolore guztietakoak; txerri, olagarro, marigorringo edota deabru formakoak; eskuz eginak edo Garaion bertan zeuden saltokietan erosiak…

Asteburu osoan zeharreko kometa-erakustaldi eta tailerrez gain, antolatzaileek oso ekimen berezia zuten prestatua iganderako: “One sky, one world” (“Zeru bat, mundu bat”), bakea eta ingurugiroarekiko errespetua eskatzeko mundu osoko kometak hegan jartzean zetzan ospakizuna, EUROPA PRESS agentziak zabaldu zuenez.

2010/10/11

Interaktibitatea zibermedioetan

El Correo, El País eta The New Yok Times egunkarien web orriak aztertuta, parte-hartzea eta interaktibitatea ulertzeko modu ezberdinak antzeman daitezke.

The New York Times-ek ematen duen parte-hartzeko aukera bere kazetariek sortutako informazioari lotuta doa kasu guztietan: albisteak bidali daitezke, komentatu (behin erregistratuta, El Correo eta El País-en ez bezala), albiste ikusienak zeintzuk diren jakin eta albisteen feed-ak jaso.

El País-ek eta, batez ere, El Correo-k, aukera horiekin batera, inkestak, foroak eta erabiltzaileen blogak ere badituzte, eta argazkiak edota bideoak bidaltzeko eta elkarrizketa digitaletan galderak egiteko aukera ematen dute. Parte-hartzea suspertzeko aukeretako gehienak “Participa” izenpeko atal batean biltzen dituzte bi egunkariok, parte-hartze horri ematen dioten pisu handiaren erakusle. Izan ere, bi egunkariren web bertsio soilak izatetik urrun daude jadanik.

Hiru zibermedioen arteko bat-etortze esanguratsuenetariko bat sare sozialei ematen dieten garrantzian dago: El Correo-k, El País-ek eta The New York Times-ek orrialdeak dituzte Facebook-en.

2010/10/07

Badago euskal filmerik

Askotan esaten da inguruko produktuen alde egiten saiatu behar garela. Horrek esan nahi du, adibidez, gure auzoko dendariengana jotzea erosketak egitera edota supermerkatuan gertuko produktuak aukeratzea. Zergatik ez dugu hori egiten euskal zinemarekin? Gurean egindako filmak "geure produktu" bezala hartzen ez ditugulako izango da? Edo euskal produkzio askorik ez dagoenez film horien alde egin beharraz ohartu ez garelako?

Honi buruz pentsatzen nenbilen oraintxe eta zera uste dut nik: euskal film askorik ez da egongo baina ez dugu Hollywood bat izan beharrik geure inguruan egiten dena estimatu eta defendatzeko. Gainera, errazagoa beharko luke geurea bezalako filmografia txiki bat zaintzea...

2010/10/05

Euskal zinemari buruzko informazioa

Euskal zinemari buruzko informazioa ere bilduko dut blog honetan: azken estreinaldiak, aktoreak, bitxikeriak...

2010/10/04

Aurkezpena

Multimedia Komunikazioa unibertsitate masterreko lehen klase egun honetan, ariketa bezala, blog bat sortzeari ekin diogu. Ziberkazetaritza-ereduak eta genero berriak ikasgaian estreinatu dugu, baina dirudienez txoko hau ez da bakarrik aipatu irakasgairako tresna bat izango. Gainontzeko klaseetan ere ariketak publikatzeko erabiliko dugu.

Niri buruz: kazetaritza lizentziatura bukatu berri dut eta ikasketak osatzeko matrikulatu naiz master honetan. Multimedia-eduki eta tresnen munduan sartu eta euskaraz ikasten jarraitzeko aukera ona dirudi. Graduondoko honen eszenatokia Leioako Campusa izango da, berrikuntza-lanek labirinto bihurtuta.