"La madre muerta" filmeko eszena bat.
Burura etorri zitzaizkidan lehenbizi Juanma Bajo Ulloaren filmak: “Alas de mariposa” (1991), “La madre muerta” (1993) eta “Frágil” (2004) pelikuletan hainbat eszena zeuden Gasteizen filmatuta. Gogoratzen dut “Alas de mariposa”-n San Vicente aldapa, adibidez, hainbat aldiz ageri zela; “La madre muerta”-n Florida parkea eta Senda Ibilbidea azaltzen ziren, eta “Frágil”-en, besteak beste, tren geltokia ikus zitekeela uste dut.
Nire ingurukoei galdetuta, “El sur” (Victor Erice, 1983) filmaren eszena batzuk Gasteizen filmatu zituztela esan didate. “La noche de…” programan esan zuten, bestalde, Fred Zinnemann Oscar saridunaren “Y llegó el día de la venganza” (“Behold a Pale Horse”, 1964) filmean Ama Birjina Zuriaren Plaza eta Matxete enparantza agertzen zirela. Isilpean grabatu omen zituzten irudiak, pelikulako pertsonaia nagusia maki bat zelako, eta filma 1979. urtera arte debekatua egon zen.
IMDB web orrian dagoen informazioaren arabera, ondoko filmak ere Gasteizen grabaturiko eszenak omen dituzte: “Cuerda de presos” (Pedro Lazaga, 1956), “Locos por el sexo” (Javier Rebollo, 2006) eta “Trio de ases: el secreto de la Atlántida” (Joseba Vazquez, 2008). Ez zaizkit ezta izenez ere ezagunak egiten.
Pelikula batzuk behintzat filmatu izan dira Gasteizen, baina gutxi, eta erdi ahaztuak daude gehienak. “Vicky Cristina Barcelona” bezalako zinema-postalik ez dute egin gurean eta hiriak berak pelikularen istorioan garrantzirik duenik ere ez. Argi dago ez dutela Gasteiz ezagutuko zineman izan duen presentziarengatik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario