"Ipar haizearen erronka" eta "Ipar haizearen itzulera"
filmetako pertsonaia nagusiak
Euskal zineman azken 25 urteetan genero arrakastatsurik egon bada animazioarena izan da. Gurean egindako, bertako enpresek produzitutako edo euskal zinegileek aurrera eramandako marrazki bizidunezko filmei erreparatuz gero, produkzio horien ugaritasuna eta, hainbat kasutan, kalitate handia ere aitortu behar dira.
“Kalabaza Tripontzia” (1985) izan zen animaziozko lehen euskal luzemetraia, Juanba Berasategik zuzendua eta Koldo Izagirreren gidoiarekin. Ohorezko Aipamena lortu zuen Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren Zabaltegi sailean eta ordutik, filmen zerrenda luzatuz joan da ia urtero. 80ko hamarkadan bertan Luis Goyaren “Astakiloen abenturak eta kalenturak” (1987) estreinatu zen.
90ko hamarkadan etorriko ziren “Ipar haizearen erronka” (Juanba Berasategi, 1991) eta bere jarraipena, “Ipar haizearen itzulera” (Maite Ruiz de Austri eta Carlos Varela, 1993), Goya saria irabazi zuen lehenbiziko euskal animazio filma. Ikusleen artean oso harrera ona izan zuten bi atalek. Hamarkadaren azken urteetan beste hainbat izenburu heldu ziren zinema-aretoetara: “Megasonikoak” (Javier Gonzalez de la Fuente eta Jose Martinez Montero, 1997), “Ahmed, Alhambrako printzea” (Juanba Berasategi, 1998) eta Goya saria irabazi zuten “Qué vecinos tan animales” (Maite Ruiz de Austri, 1998) eta “Goomer” (Jose Luis Feito eta Carlos Varela, 1999).
2000. urtetik aurrera generoak erritmoari eutsi zion. Ondokoak izan ziren hamarkadako izenburuetako batzuk: “Marco Antonio, Hong Kong-eko bahiketa” (Carlos Varela eta Manuel J. Garcia, 2000), “Karramarro uhartea” (Txabi Basterretxea eta Joxean Muñoz, 2000) Goya sariduna, “La leyenda del unicornio” (Maite Ruiz de Austri, 2001), “El ladrón de sueños” (Angel Alonso, 2001), “Olentzero, Gabonetako ipuina” (Juanjo Elordi, 2002), “El rey de la granja” (Gregorio Muro eta Carlos Zabala, 2002), “Betizu izar artean” (Egoitz Rodriguez, 2003) “Alhambrako giltza” (Juanba Berasategi, 2003), “Supertramps” (Iñigo Berasategi eta Jose Maria Goenaga, 2004), “Los balunis en la aventura del fin del mundo” (Juanjo Elordi, 2004), “Glup, una aventura sin desperdicio” (Aitor Arregi eta Iñigo Berasategi, 2004), “Olentzero eta enbor magikoa” (Juanjo Elordi, 2005), “Pailazokeriak, Txirri, Mirri eta Txiribitonen Pelikula” (Imanol Zinkunegi, 2005), “Cristobal Molon” (Aitor Arregi eta Iñigo Berasategui, 2006), “Betizu eta Xangaduko misterioa” (Egoitz Rodriguez 2006), “Betizu eta urrezko zintzarria” (Egoitz Rodriguez, 2007), “Animal Channel” (Maite Ruiz de Austri, 2008) eta “Olentzero eta oparien ordua” (Gorka Sesma, 2008). Ekoizpen fasean edo estreinatzear dauden beste batzuk “Black to the Moon” koprodukzioa, "El tesoro del rey Midas", “Olentzero eta iratxoa”, “Omega T” eta “Mystical” dira.
Euskal ikus-entzunezkoen munduan pisu handia izatera heldu da animazioa. Zuzendari, gidoigile eta marrazkilariek frogatu dute posible dela, aurrekontu murritzak izan arren, aitzat hartzeko moduko filmak egitea, baldin eta proiektuak ondo zaintzen badira.