Euskararen Aholku Batzordeak euskararen kalitateari buruzko txosten bat kaleratu zuen 2008an "Euskararen kalitatea: Zertan ari garen, zergatik eta zertarako" izenburupean. Bertan ondoko parametroak proposatzen zituen euskarazko testuen kalitatea neurtzeko: zuzentasuna, hau da, testuek Euskaltzaindiaren arauen araberako euskara darabilten edo ez; jatortasuna, edo ahozko eta idatzizko tradizioaren araberako euskara den, eta egokitasuna, euskara horrek testuinguruaren eskakizunei erantzuten ote dien neurtzeko.
Euskarazko testuen kalitatea erabakitzeko testuingurutik hastea dirudi zentzuzkoena. Egokitasuna abiapuntu hartuta, xedearen eta testuinguru horren arabera gainerako parametroetako bat (zuzentasuna edo jatortasuna) lehenetsi liteke. Baina beti ez da horren erraza txosteneko irizpideak aplikatzea. Izan ere, testuen zuzenketan zailtasunak ager daitezke, batik bat, nik uste, hiru kalitate parametroen arteko talka posible delako eta jatortasunaren nozioaren konplexutasunarengatik: gramatikaltasuna zorrozki errespetatzen duen euskara egokia da testuinguru guztietan? Euskararen senaren eta usadioaren araberako euskara ez al da egungo arauen araberako zuzentasunaren kontrakoa kasu batzuetan? Eta testuinguru jakin batean egokia izan litekeen baina Euskaltzaindiaren arauak urratzen dituen euskara ez litzateke kaltegarria izango epe luzeagora hizkuntzarentzako?
No hay comentarios:
Publicar un comentario