Zibergeneroen artean formularik osoena izanik, multimedia-erreportajeak hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibitatea garatu behar ditu, baldin eta benetan osoa eta benetan multimedia izan nahi badu.
Egun edozein zibergenerok ustiatu behar ditu hipertestua, multimedia eta elkarreragina. Erreportaje multimedietan, beraz, ez dago inolako aitzakiarik: hipertestuak edukiei ematen dien sakontasuna, multimedia-baliabideek eskaintzen duten aberastasuna eta interaktibitaterako aukerak sortzen duen erakartze-efektua behar-beharrezkoak dira. Sarearen baliabide bereizgarri horien ustiatze-maila, ordea, ez da behar bezain altua erdarazko ziberkomunikabideetan orokorrean eta euskarazkoetan bereziki: testu idatziei ematen zaie lehentasuna oraindik; hipertestuari dagokionez, askotan barrurako loturak eskaintzen dira bakarrik, horiek informazioa behar bezala osatu ez arren; interaktibitateak ematen dituen aukerak ere ez dira behar beste erabiltzen.
Hipertestuaren, multimediaren eta elkarreraginaren ustiatzea denbora eta baliabide ekonomiko faltak mugatuta egoten da askotan. Baina, dena den, gehiago ere egin liteke: testu idatziak zaintzeari utzi gabe, bideoak lehenetsi beharko genituzke; interaktibitateari merezi duen garrantzia eman beharko genioke, hartzaileak dauden lekuetara joanda eta haien komunikatzeko moduetan jantziz, eta, azken batean, iraganeko eskemak eraberritu beharko genituzke.
No hay comentarios:
Publicar un comentario