2011/01/21

8. zeregina: Ikus-entzunezko produktuak multimedia-diskurtsoan

Eragozpen teknikoak urritu ahala, ikus-entzunezko edukiak garrantzi gorakorra hartuz doaz Sarean. Ziberkomunikabideek, ordea, bide luzea dute egiteke oraindik esparru horretan.

Egungo zibermedioetan ikus-entzunezko produktuak testuekin batera aurki daitezke gehienetan, baina ez elkarren osagarri direlako. Izan ere, gehienetan (euskarazko ziberkomunikabideetan gehiago erdarazkoetan baino) biek informazio berdinak eman ohi dituzte eta askotan, gainera, ikus-entzunezko horiek beste euskarri baterako sortuak dira  jatorrian. Batzutan albisteen artean ikusgai dauden bideoak independenteak dira, baina kasu horietan hobeto dokumentatu beharko lirateke: Sareko bilatzaileek ezin dituzte bideoak behar bezala indexatu argibiderik gabe (izenburu adierazgarria, deskribapena, etiketak...). Bestalde, albiste-agentzien mendekotasuna gutxiagotu beharko litzateke, horrek pluraltasun handiagoa ekarriko lukeelako ikus-entzunezko edukietan.

Ikus-entzunezko produktuak multimedia-diskurtsoan benetan integratuta egon beharko lirateke, baina horretarako ikuspegi aldaketa nabaria behar da ziberkomunikabideetan. Eduki horiek burujabeak edo gainerako baliabideen benetako osagarriak izan beharko lirateke. Beste behin, baliabide ekonomikoen urritasunak eta denbora-faltak dakartza arazoetako asko, baina kazetariek multimedia-profila ez izateak ere zeresana du. Azkenik, euskarazko ziberkomunikabideek dituzten hutsuneak ulergarriak dira, baina ez horregatik kasu guztietan barkagarriak: gutxirekin gehiago egin daiteke beti, baldin eta helburu den ikuspegi aldaketa benetan lortzen bada.

No hay comentarios:

Publicar un comentario