2011/02/06

Euskal diaspora prentsa estatubatuarrean

Euskal artzainetatik zesta-punta jokalarietara, euskaldun askok utzi dute beren aztarna Estatu Batuetako egunkarietan XX. mendean zehar.

 Euskal dantzak "Nevada State Journal" egunkarian (1976-7-11)

1911ko martxoan Ellis Irlara heldutako 150 euskaldunek jomuga zituzten estatuetan, bereziki Idahon eta Nevadan, gurean jaiotako lagun asko elkartuz joan ziren pasa den mendean. Horietariko askok prentsaren arreta deitu izan dute behin baino gehiagotan. Kazetari estatubatuarrek askotan aprobetxatu izan dituzte euskal dantzarien erakustaldiak, pilota partiduak eta diasporaren topaketa eta jaialdiak euskaldunei buruzko artikuluak idazteko.

Informazio horiei erreparatuta, Estatu Batuetan bildu zen euskal komunitatea oso askotarikoa zela ikusi daiteke. Prentsak deskribatutakoaren arabera, denetarik zegoen: euskal tradizioei zorrozki eusten zieten gizon eta emakumeak, ia guztiz amerikartutako gazteak, abertzaleak, ez-abertzaleak, euskaraz ederki egiten zutenak, elebidun hartzaileak... 

Euskaldun horiek euskara bizirik mantendu zutela erakutsi izan dute erreportaje askok. Horri lotuta, azpimarratzekoa da, bildu zituen euskarazko hitz eta esamolde kopuruagatik, 1976. urteko uztailean Kevin Parrish kazetariak “Nevada State Journal” egunkarirako idatzi zuen artikulua. “Nevada's Basques: Keeping the ‘Denbora Ona’ Spirit Alive” zuen izenburua eta Nevada estatuko Elko hirian ospatzen den National Basque Festival jaialdiari buruzkoa zen. Bertaratutakoei entzunda, kazetariak “euskera” (eta ez “basque”, behingoagatik), “irrintzi”, “ivillaldi” eta “eskerrik asko”, besteak beste, bere testuan sartzea erabaki zuen, “parerik gabeko” hizkuntza bitxi honek harrituta.

 
Euskal diasporari buruzko artikulu bat 
"The New York Times" egunkarian (1970-12-20)

1 comentario: