2011/02/02

Estralurtarrak euskaraz Estatu Batuetako sarreran

1911ko martxoan 150 euskaldun New Yorkeko Portura heldu ziren Estatu Batuetan sartu nahian. "The New York Times"-eko artikulu batek euskaraz bakarrik egiten zuten lagun haien istorioa kontatu zuen.

 "The New York Times" (1911-3-21) egunkarian 
agerturiko artikuluaren goiburua

Buruhauste handiak eman zizkieten euskaldun haiek immigrazio agenteei 1911ko martxoaren 19an. Herrialdean sartzen utzi aurretik egin beharreko galderak gazteleraz, frantsesez, alemanez eta ingelesez egin zizkieten, baina alferrik. 1885eko Lan Kontratu Legea (Contract Labor Law) zeritzona urratzen ari zirelakoan, hiriko aduana nagusia zen Ellis Irlara eraman behar ote zituzten erabaki behar zuten. 

Azkenean, “euskarazko nahiko jakite-maila ona zuen espainiar bat aurkitu zuten”, artikuluak zioenez, eta interprete lanetan jarri zuten. Igande goiz batean iritsi ziren New Yorkera euskaldun haiek eta, behintzat, astelehen gauera arte atxiki zituzten immigrazio agenteek. Egunkariaren arabera, “probabilitate osoz” taldeari lehorreratzeko baimena emango zioten azkenean. 

Alien” deitzen zien egunkariak euskaldunei. “Estralurtar” esanahia izateaz gain, hitzak “atzerritar”, “kanpotar” eta “arrotz” adierak ere baditu, baina deigarria iruditu zait halere. Azkenean herrialdean sartzerik izan bazuten, noizbait “alien” izateari eta sentitzeari utziko ote zioten jakin nahiko nuke, aurrera ateratzea lortu ote zuten, etxera bueltatu ziren edo ez, Estatu Batuetan egun oraindik familia izango ote duten...

3 comentarios:

  1. Post hau Twitter, Zabaldu, Facebook eta Aupatu-n kokatu dut eta edukiaren berri eman diot Joseba Ezeiza irakasleari (http://twitter.com/Kotalaia).

    ResponderEliminar