2011/02/20

Goenkale nazioarteko prentsan

1990eko hamarkadaren erdialdera Goenkale telesailak Euskal Telebistatik nazioarteko egunkarietara egin zuen salto. Albiste-agentzia batek euskararen alde telesailak egiten duen lana aztertu zuen artikulu batean. 

 
Artikuluak izan zituen titularrak egunkari ezberdinetan

“Stars and Stripes” Estatu Batuetako Armadaren egunkari ofizialaren Europarako edizioan (1996-1-18) eta, bertsio laburragoan, Maryland estatuko “Frederick News-Post” egunkarian (1995-11-22) argitaratu zen gutxienez. Ibon Villelabeitia kazetariak idatzi zuen artikulua, orduan Associated Press agentzian lanean zebilela (egun Reuters-en dihardu). 

TV Soap Opera Helps Preserve Basque Culture” eta “Basque-Language Soap Opera Rejuvenates dormant tongue” titularrak hartu zituen “Stars and Stripes” eta “Frederick News-Post”-en, hurrenez hurren. Testuak Goenkalek egiten zuen euskararen aldeko ekarpena aitortzen zuen sarreratik bertatik: “Aurrekontu txikiko telenobela bat (…) euskaldunak beren hizkuntzan trebatzeko tresnarik arrakastatsuena bihurtu da”. 

Telesailaren argumentua laburtzeaz gain, bere arrakastaren arrazoi posibleak azaltzen zituen Villelabeitiaren artikuluak, eta euskararen eta euskal kulturaren testuinguruan murgiltzen zuen irakurlea. Horretarako, hiru euskaldunen adierazpenak ageri ziren testuan: EHUko soziologia irakasle Cesar Martinezek zioenez, “errealismo handia” ikusten zuen berak Goenkaleren istorioetan; lehenbiziko euskara-ingeles hiztegiaren egile izan zen Gorka Aulestiaren aburuz, Goenkaleren argumentua esparru tradizionaletan bakarrik ez zentratzeak euskarari “aire freskoa” zekarkion, eta telesailaren orduko zuzendari Iñaki Eizmendik, bestalde, telesailaren audientzia-datuek ETBn aurrekaririk ez zutela azpimarratzen zuen.

 Artikulua “Frederick News-Post” eta “Stars and Stripes” egunkarietan

3 comentarios:

  1. Nire ustez goenkalek euskal telesailgintza hil zuen. Lehen, telesaila mordoa egin ziren euskal telebistan euskaraz, gehienak komediak: 64, Bi eta bat, Benta Berri, Martin, Hasiberriak, Jaun ta Jabe, Teilatupean, A ze parea...

    Orain goenkalek zenbat ikusle barri hartzen dituen, horixe jakin nahi nuke.

    ResponderEliminar
  2. Bai, pena bat da euskarazko telesail gehiago ez egotea, baina nik ez nioke errua Goenkaleri botako. Aipatzen dituzun telesail horietako batzuk Goenkale emititu bitartean bota zituzten. Beste arazo batzuk izango dituzte ekoizpen-etxeek orain produkzio gehiago aurrera eraman ezin izateko: ez dute dirurik izango, telebista-audientziek behera egin dute orokorrean...

    ResponderEliminar
  3. Post hau Facebook, Twitter, Zabaldu eta Aupatu-n kokatu dut.

    ResponderEliminar