2011/02/22

Euskara, hizkuntza bitxi hori

Nazioarteko egunkari askok euskara ezin deszifra daitekeen hizkuntza bezala deskribatu ohi dute. Arraroa iruditzen zaie, misteriotsua, exotikoa. Hala erakusten dute hamarkadetan zehar argitaratu dituzten informazio ugarik. 

Euskara aipatu izan duten artikulu batzuen titularrak

Euskara hizkuntza isolatua eta indoeuroparren familia baino zaharragoa izatea etengabe azpimarratu izan dute prentsa atzerritarrean. Horrek, “The New York Times” (1980-5-4) egunkariaren arabera, euskaldunei “antzinatasun aura” moduko bat gordetzea ahalbidetzen zien. Eta hori baino gehiago, antza:  “J.R.R. Tolkien autorearen Hobbitak inoiz Espainian bizi izan balira, euskaraz hitz egingo zuketen”. 

“The New York Times”-i bereziki deigarriak iruditzen zitzaizkion euskararen gramatika “bitxia” eta hiztegi “arkaikoa”: “[Euskarak] Harriak txikitzeko lanabesak izendatzeko hitz ugari ditu oraindik”. “The Washington Post” egunkariko erreportaje batean (1990-3-25), berriz, euskarazko hitzek “bihurrikatze silabikoak” egiten zituztela esaten zen:  “‘Eyheraberricohaldia’ bezalako bihurrikatze silabikoak egiteraino luzatzen dira euskarazko hitzak, lotu gabeko saltxitxak bailiran”. 

Eta hiztunak? “Euskal hizkuntza euskaldunak bezain bitxia da”, zioen “Chester Times” egunkariak 1938ko irailaren 22an. Kazetari atzerritar asko bat etorri izan dira iritzi horrekin. Hamarkadaz hamarkada, temati”, “harro” eta “isil” adjektiboak izan dituzte gogokoen euskaldunak deskribatzeko.

1 comentario: