ETAren aldeko euskarazko pintada
"European Stars and Stripes" egunkarian (1996-1-18)
Nazioarteko egunkariak ETAri buruzko erreportaje zabalagoak argitaratzeari ekin zioten. Indarkeriari eskaintzen hasi zitzaion trataera informatiboa distantziakidetasunetik salaketarantz aldatuz joan zen. ETA erakunde “separatista” bezala izendatzen zuten informazio askotan oraindik, baina “terrorista” hitza geroz eta maiztasun handiagoarekin erabiltzen hasi ziren.
1980ko maiatzaren 4an “The New York Times” egunkariko artikulu batek (“Terror in the Land of the Basques”) “Europako txokorik bortitz, ezegonkor eta arriskutsuenetariko bat” bezala deskribatu zuen Euskadi. Urteekin egoerak hobera egiten ez zuela konfirmatu zuen “Los Angeles Times” egunkariak 1984ko martxoaren 2an. “Liberty or Terror: Basques, a Dilemma for Spain” artikuluak gizartearen zatiketa ikaragarria zela zioen eta GALen agerpenaren berri ematen zuen. Euskadi gerra zibilerantz zihoala esaten zutenen adierazpenak ere jaso zituen prentsak.
Artikulu gehienak terrorismoari buruzkoak izanik, salbuespenak salbuespen, ETAren siglen esanahia zehazteko baino ez zen euskara aipatzen egunkari gehienetan: “Euskadi Ta Askatasuna” irakur zitekeen artikulu askotan eta ondoren itzulpen ezberdinak eskaintzen ziren egunkarien arabera.
1990eko hamarkadaren hasieran titularrek aldaezina zirudien errealitatea aurkezten zuten oraindik: “9 Killed by a Car Bomb At a Barracks in Spain” (“The New York Times”, 1991-5-30), “Seven Killed in Madrid bombing” (“The Indiana Gazette”, 1993-6-21), “Car Bomb in Spain Kills 6, Injures 15” (“Roswell Daily Record”, 1995-12-12)… Hamarkadako azken urteetatik aurrera, ordea, ETAren kontrako mobilizazioei buruzko informazioak agertzen hasi ziren nazioarteko prentsan.
2002. urtetik, atentatuak daudenean salbu, ETAri buruzko informazioak albiste laburretan landuak izan dira batik bat. Orokorrean, iraganeko hildako-zerrenda luzeek atxiloketei, epaiketei eta indarkeriaren kontrako protestei eman diete bide. Egun hilabeteak pasa daitezke prentsa atzerritarrean “basque” hitza terrorismoari buruzko albisteei lotuta agertu gabe.
Miguel Angel Blanco Ermuko zinegotziaren hilketa gaitzesteko
Madrilgo manifestaldiari buruzko artikulua,
"The New York Times" egunkarian (1997-7-15)
Post hau Aupatu, Zabaldu, Twitter eta Facebook-en kokatu dut. ZuZeu eta Sustatu-ra (azken honetan beren onarpenaren zain) bertsio luzeago bat bidali dut, lehenbiziko atala eta bigarren hau bateratuta.
ResponderEliminar