Mostrando entradas con la etiqueta ETA. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta ETA. Mostrar todas las entradas

2011/02/14

Trantsizioko urteak: euskara erreanimatzen

1975etik aurrera nazioarteko egunkariak euskararen pixkanakako berpizkundearen berri ematen hasi ziren. Lehentasun informatiboak beste batzuk izan arren, prentsak ospatu egin zuen Francoren heriotzak hizkuntzaren esparruan ahalbidetu zuen irekitasuna. 

 Ikastola baten argazkia "The New York Times" egunkarian (1980-1-6)

Euskarari eta euskaldunei dagokienez, ETAren indarkeriak lekurik uzten zuenean, bestelako gaiak ere irakurtzeko aukera egon zen inoiz edo behin egunkari atzerritarretan trantsizioan. Aurreko urteetan indarkeriaren gorakadarekin batera euskararen zapalketa albiste izan bazen, euskarazko hezkuntza, komunikabide, literatur edota hiztegien txanda zen une hartan.

Hamarkadak ziren “The New York Times” egunkariak Lizarrako estatutuaren onarpenaren berri eman zuenetik. 1931ko ekainaren 15ean heldu zen albistea agerkari estatubatuarrera. Ondoren, iluntasun eta debekuen urteak etorri ziren, baina nazioarteko prentsak argi ikusi zuen euskaldunentzat lortutakoa ahaztu ezinekoa zela. Urtetan zehar zenbait artikuluk jaso zituzten beren aldarrikapenak: “Basques Dream Still Autonomy” (“The New York Times”, 1960-3-16), “Basque Radio Asked” (“The Washington Post”, 1971-12-10)… 

Azkenik, frankismoaren amaierak posible egin zituen horrelako titularrak: “Basque Autonomy Returns Powers Franco Took Away” (“Los Angeles Times”, 1978-1-1), “Basque Language Law” (The Washington Post”, 1979-4-22) edo “Basques in Northern Spain Vote for Home-Rule Legislature for First Time” (“The New York Times”, 1980-3-10). 

1982ko azaroaren 29an “Daily News Record” egunkari estatubatuarrak artikulu labur bat argitaratu zuen euskararen eta euskaldunen egoera berriari buruz. “Basques Enjoy Revival” zuen izena eta, besteak beste, Euskaltzaindiaren esfortzuak azaltzen zituen “zaharkituta” geratua zen hizkuntza baten eta luzaroan “zaindu gabe” egondako kultura baten mesedetan. Testuak euskarari “Euskadi” deitzea bezalako nahasteak jasotzen zituzten, baina barkatzekoa da. Izan ere, euskarak alor eta eremu asko zituen berreskuratzeke eta bere burua egoki ezagutarazteko ere ibilbide luzea egiteke.

2011/02/13

Terrorismoak euskara zokoratu zuenean (eta II)

Franco hil ondoren, ETAren biktimak ugaritzen zihoazen heinean euskarari buruz nazioarteko prentsan esaten zena murriztuz joan zen. Gertakariek ez zuten beste ezertarako zirrikiturik uzten: 1975etik 1980. urtera ETAk ia 300 pertsona hil zituen.

ETAren aldeko euskarazko pintada 
"European Stars and Stripes" egunkarian (1996-1-18)

Nazioarteko egunkariak ETAri buruzko erreportaje zabalagoak argitaratzeari ekin zioten. Indarkeriari eskaintzen hasi zitzaion trataera informatiboa distantziakidetasunetik salaketarantz aldatuz joan zen. ETA erakunde “separatista” bezala izendatzen zuten informazio askotan oraindik, baina “terrorista” hitza geroz eta maiztasun handiagoarekin erabiltzen hasi ziren. 

1980ko maiatzaren 4an “The New York Times” egunkariko artikulu batek (Terror in the Land of the Basques) “Europako txokorik bortitz, ezegonkor eta arriskutsuenetariko bat” bezala deskribatu zuen Euskadi. Urteekin egoerak hobera egiten ez zuela konfirmatu zuen “Los Angeles Times” egunkariak 1984ko martxoaren 2an. “Liberty or Terror: Basques, a Dilemma for Spain” artikuluak gizartearen zatiketa ikaragarria zela zioen eta GALen agerpenaren berri ematen zuen. Euskadi gerra zibilerantz zihoala esaten zutenen adierazpenak ere jaso zituen prentsak.

Artikulu gehienak terrorismoari buruzkoak izanik, salbuespenak salbuespen, ETAren siglen esanahia zehazteko baino ez zen euskara aipatzen egunkari gehienetan: “Euskadi Ta Askatasuna” irakur zitekeen artikulu askotan eta ondoren itzulpen ezberdinak eskaintzen ziren egunkarien arabera.

1990eko hamarkadaren hasieran titularrek aldaezina zirudien errealitatea aurkezten zuten oraindik: “9 Killed by a Car Bomb At a Barracks in Spain” (“The New York Times”, 1991-5-30), “Seven Killed in Madrid bombing” (The Indiana Gazette, 1993-6-21), “Car Bomb in Spain Kills 6, Injures 15” (Roswell Daily Record, 1995-12-12)… Hamarkadako azken urteetatik aurrera, ordea, ETAren kontrako mobilizazioei buruzko informazioak agertzen hasi ziren nazioarteko prentsan.

2002. urtetik, atentatuak daudenean salbu, ETAri buruzko informazioak albiste laburretan landuak izan dira batik bat. Orokorrean, iraganeko hildako-zerrenda luzeek atxiloketei, epaiketei eta indarkeriaren kontrako protestei eman diete bide. Egun hilabeteak pasa daitezke prentsa atzerritarrean “basque” hitza terrorismoari buruzko albisteei lotuta agertu gabe.


Miguel Angel Blanco Ermuko zinegotziaren hilketa gaitzesteko 
Madrilgo manifestaldiari buruzko artikulua, 
"The New York Times" egunkarian (1997-7-15)

2011/02/11

Terrorismoak euskara zokoratu zuenean (I)

1960ko hamarkadaren bigarren erditik aurrera euskara eta euskaldunak batez ere terrorismoari lotuta agertu dira nazioarteko egunkarietan. ETAren indarkeriari buruzko kontakizunak bilakaera nabaria izan du ordutik.

 "The New York Times" (1980-5-4)

1965. urte inguruan egunkari atzerritarrek euskaldun “agitatzaileak” (“The New York Times”, 1964-8-2) protagonista zituzten gertakariak deskribatzen hasi ziren: segurtasun indarren kontrako tiroketak, diktaduraren kontrako protestak, industrialarien bahiketak... Frankismoaren kontrako ekintzak zirela zioen prentsak eta trataera informatiboetan jarrera ulerkorrak ziren nagusi. Albisteak kokatzeko, euskal historiari eta euskarari buruzko datu batzuk eman ohi zituzten eta hizkuntzak bizi zuen zapalketari buruzko albisteek oraindik ere lekua zuten egunkarietan. 

1970eko hamarkadan Francoren kontrako “euskal gerrillak” (“Los Angeles Times”, 1970-12-2) hasi ziren aipatzen informazioetan. Laster ugaritu ziren ETAren siglak artikuluetan. Orduko prentsan “joera sozialistadun talde” (“The New York Times”, 1973-1-28) edo “erakunde nazionalista” (“The Columbus Telegram”, 1972-1-21) bezala deskribatzen zuten, eta bere kideak “estremista”, “erradikal”, “independentista” edo “separatista” gisa. Ez zegoen adostasun edo arau ezarririk, albistetik albistera eta egunkaritik egunkarira ikusten ziren ezberdintasunei erreparatuta. 

1970. urteko Burgosko prozesuak eta 1973ko Carrero Blancoren hilketak, besteak beste, ETAko kideenganako ulermena eta sostengua ere eragin zuten nazioartean: “World seeking mercy for Basques” (“Mundua euskaldunentzako barkaberatasun bila”, “Panama City News-Herald”, 1970-12-29) bezalako titularrak irakur zitezkeen egunkari batzuetan. 

Franco hil ondoren ETAren indarkeria areagotu egin zen eta, ondorioz, euskarari buruzko informazioak egunkarietatik ia desagertu egin ziren. Terrorismoak ordutik aurrera jasoko zuen trataera informatiboa aldatuz joango zen.

ETAri buruzko titularrak nazioarteko egunkarietan