Artikuluak izan zituen titularrak egunkari ezberdinetan
“Stars and Stripes” Estatu Batuetako Armadaren egunkari ofizialaren Europarako edizioan (1996-1-18) eta, bertsio laburragoan, Maryland estatuko “Frederick News-Post” egunkarian (1995-11-22) argitaratu zen gutxienez. Ibon Villelabeitia kazetariak idatzi zuen artikulua, orduan Associated Press agentzian lanean zebilela (egun Reuters-en dihardu).
“TV Soap Opera Helps Preserve Basque Culture” eta “Basque-Language Soap Opera Rejuvenates dormant tongue” titularrak hartu zituen “Stars and Stripes” eta “Frederick News-Post”-en, hurrenez hurren. Testuak Goenkalek egiten zuen euskararen aldeko ekarpena aitortzen zuen sarreratik bertatik: “Aurrekontu txikiko telenobela bat (…) euskaldunak beren hizkuntzan trebatzeko tresnarik arrakastatsuena bihurtu da”.
Telesailaren argumentua laburtzeaz gain, bere arrakastaren arrazoi posibleak azaltzen zituen Villelabeitiaren artikuluak, eta euskararen eta euskal kulturaren testuinguruan murgiltzen zuen irakurlea. Horretarako, hiru euskaldunen adierazpenak ageri ziren testuan: EHUko soziologia irakasle Cesar Martinezek zioenez, “errealismo handia” ikusten zuen berak Goenkaleren istorioetan; lehenbiziko euskara-ingeles hiztegiaren egile izan zen Gorka Aulestiaren aburuz, Goenkaleren argumentua esparru tradizionaletan bakarrik ez zentratzeak euskarari “aire freskoa” zekarkion, eta telesailaren orduko zuzendari Iñaki Eizmendik, bestalde, telesailaren audientzia-datuek ETBn aurrekaririk ez zutela azpimarratzen zuen.
Artikulua “Frederick News-Post” eta “Stars and Stripes” egunkarietan